Musikaldiaren historia

Itxas Soinua Musikaldiaren sustraiak “Itxas Soinua Abesbatza”-n daude. Lehenik abesbatza sortu zen eta ondoren beranduago, musikaldia.

Lekeitioko Itxas Soinua Abesbatza 1972. urtean sortu zen. Ideia, Resurreccion Maria de Azkue, sasoi hartan Uribe Ikastetxea deitzen zen Ikastolan jaio eta gauzatu zen. 1972. urtetik 1978. urtera arte Euskadiko Lurralde guztietan kontzertuak eskeintzen zituen, bai Erroman, Londresen eta Frantziako hiri ezberdinetan ere. Lehen zuzendaria Joseba Ortuondo ondarrutarra izan zen.

1978ko martxoan, abesbatzaren kargua Gorka Sierra Larrinagak hartzen du zuzendari titular gisa. Berarekin Abesbatza guztiz aldatzen da baina bere egiturari dagokionez nola bere ikusmin artistikoa ere. Abesbatzak sasoi hartan entzute handia hartzen du. Zenbait partiturek estreinaldia ikusten dute eta kontzertu arrakastatsuak eskaini ere.

Honen lekuko, Bartzelonako "Palau de la Musica Catalana" delakoan 1979ko maiatzaren 10ean lortutakoa dugu. Tours-eko (Frantziako) Nazioarteko Jaialdian ere arrakasta handia izan zuen eta gailurra Madrilgo Teatro Real-ean hartzen du Nazio mailako Orkestra eta Abesbatzarekin batera eta Antonio Ros Marbaren zuzendaritzapean, Benjamin Britten "Requiem Guerrero" abesten zuenean. Süsmayer-en "Das Namenfest" (aitonaren jaia, 1979) Operaren estreinaldia ere azpimarratzekoa dugu baita buruturiko programak ere, F. Mendelsson-en, F. Shubert- en, R. Schumman-en eta J. Brhams-en abestiekin.

Zentzu honetan Bilboko Elkarte Filarmonikoan 1981. urteko urriaren 31n, Madrilgo Teatro Realean 80ko azaroaren 4an eta Bartzelonako Palau de la Musica Catalanan 1981ko abenduaren 7an eskainitakoak gogoratzen ditugu.

1982ko abenduaren 17an, RTVEko Orkestrarekin batera eta Odon Alonsoren zuzendaritzapean Madrilgo Teatro Realean kontzertua eskaini zuen eta B. Britten "A ceremony of Carols" eta "El diluvio de Noe" opera abestu zituen, RTVEk zuzenean aireratzen zuela. 1986ko urriaren 9an, Orkestra Nazionalarekin batera eta Odon Alonsoren zuzendaritzapean, Teatro Realen aritu zen berriro ere, J. Guridi eta Aita Donostia omenduz beren mendeurrena zela eta.

1986ko abenduaren 12an, Bilboko Arriaga Antzokian Süsmayer-en "Das Namenfest" opera abestu zuen. Tamalez, abesbatzak gainbehera izan zuen beste ekitaldi, eskaintza asko eta azpiegitura falta dela eta, horregatik Itxas Soinua abesbatza desegin egin zen 1998-1999 urte bitartean.

Hala ere, sekula ere ez du elkarte izaera galdu. Hau dela eta, beti antolatu izan du gaur egun arte ezagutzen dugun Itxas Soinua Nazioarteko Musikaldia.

Lekeitioko Itxas Soinua abesbatza, Europako ahots zurien (puerikantoreak) abesbatza hoberenetarikoen artean kontsideratuta izan da. Lekeitioko Itxas Soinua, Nazioarteko Jaialdien sortzailea dugu eta bere kontzertuetan musikari entzutetsuak pasa izan dira. Kasurako, Nicanor Zabaleta, Joaquin Atxukarro, Enrique Jorda, Odon Alonso, Felix Ayo, Narciso Yepes, Naroa Enekotegi e.a

Lekeitioko Itxas Soinua elkarteak, abesbatza sustatzea izan du beti xede. Izan ere, elkartea, ahots zurien abesbatza lez sortu zen. Testuingu politiko eta sozial aldakorrean sortua Lekeitioko herria Estatuko mugetatik at ezagutaraztera emateko aukera izan zuen. Gaur egun, ordea Itxas Soinua da Nazioarteko eta bertoko taldeak herrian ezagutaraztera ematen duena.

Lekeitioko kultur agenda anitz eta osoan Itxas Soinuaren Nazioarteko Musikaldia kultur ekintza jarraikor eta garrantzitsuenetarikoa da, jarraitzaile fidel askoren artean herritar, udatiar, profesional eta adituak biltzen dituena.

2024 urtean Musikaldiaren antolakuntzan aldaketa berritzaileak sartu dira. Zuzendaritza talde berri bat sortu da ekimen honen koordinazio lanetarako. Zuzendarien artean Mikel Gabiola Leniz lekeitiarra dugu, Musikenen goi mailako ikasketak egin ditu tronboi espezialitatean eta bestalde Oihana Etxabe Fernandez mutrikuarra dugu, Lekeitioko Musikaia Musika Eskolako sortzaile eta zuzendaria da.

Musika arloan eskarmentu handiko jendez osatu da lan taldea eta Musikaldiaren lerro musikal berriak sartzea izan dute helburu. Musika klasikoaz gain, jazz eta tendentzia berrien estiloa indartu nahi izan dute, ikus-entzule gazteak erakartzeko asmoz.

Marka berria sortu zaio musikaldiari, gaur egungo gizartearekin bat egiten duelarik. Musikaldiaren esentzia azpimarratu nahi dugu eta horri jarraikortasuna ematea dugu ardatz hemendik aurrera. Hau dela eta, egituraketa sendo batean apustu egiten dugu, ekitaldiak bermatu eta jaialdiaren iraunkortasuna sendotu asmoz. Berriztapen prozesuaren baitan hartutako erabakien ondorioz, lan lerro berriak sortu eta banaka batzuk martxan jarri nahi ditugu aurten, komunikazioari merezi duen garrantzia emanez.

Horretarako planteatutako lan-lerroak hurrengoak izan dira:

  • Komunikazio estrategia irmo eta jarraia

  • Ekitaldi asteko testuinguruaren azterketa

  • Musikaldiaren helburuen eguneraketa

  • Formatuaren berrazterketa

  • Goi Mailako Musika Ikasketak egiten dituzten perfilek zuzenko kontzertuak eta proiektu propioak aurkezteko espazioa eskaintzea

Era berean, Itxas Soinuaren helburuak, hauxek izaten jarraitzen dute:

  • Musika estilo ezberdinak eta bereziki abesbatzei bultzada ematea

  • Sektore profesional eta amateurra bultzatzeko egituraketa sortzea

  • Sormena sustatzea

  • Musika klasikoa,modernoa, lirikoa, goi mailako musika eta abesbatzaren mundua eskuragarriago eta partehartzaileago izatea.

  • Komunikazio estrategia eratzea urtean zehar egingo diren ekintzek ikusgarritasuna izan dezaten.

  • Lekeitioko eta inguruko kultur ekintza garrantzitsuenetariko bat izanik, inguruari eskaintzen dizkion itzulkinak:

    • Itzulkin soziala: Lekeitioko herriari goi mailako musika eskaintzea.

    • Kultur itzulkina: Ondare legatua duen Itxas Soinuaren garapena bermatu.

    • Itzulkin ekonomikoa: Goi mailako musika eta abesbatzen erakuslehio da.

    • Komunikazio itzulkina: Ekitaldia hurbiltzen doan einean emango den komunikazio estrategia.

  • Bizkaia markarekin komunikazio sareak eraiki nahi ditu eta Lekeitioko ikusgarritasuna sustatu,kultur ekintza garrantzitsu lez.